XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ados nago, amona. Isildu egin zen, purua txupatuz.

- Hor behean tea hartzen ari direla... hori esan nahi al didak benetan?.

- Ziur nago horretaz, amona.

Beste isilune bat. Amonaren begiak piska-piskanaka suzko distiraz bete ziren, berarengan ohi bezala, eta besaulkian bat-batean zuzen-zuzen jarririk, berobero eginik, esan zidan: - Konta iezadak guztia hasieratik. Eta azkar, arren.

Arnasa hartu eta hizketan hasi nintzen.

Kontatu nion nola joan nintzen Dantza Aretora, eta nola bionboaren atzean ezkutatu ondoren, saguen hezketari ekin nion.

Kontau nion nola jartzen zuen kartel hartan Haurren Aurkako Krudelkeriaren Prebentziorako Elkartea.

Kontatu nion nola emakume guzti haiek sartu eta eseri ziren, eta nola eszenategian azaldutako emakumetto hark bere maskara kendu zuen.

Baina maskararen azpian zegoen aurpegia deskribatu nahi izan nuenean, ezin izan nuen hitz egokirik aurkitu.

- Ikaragarria zen, amona! esan nion.

- Ikaragarria baino ikaragarriagoa! Zerbait... zerbait usteltzen ariko balitz bezala zen!.

- Segi agindu zidan amonak. Ez gelditu.

Eta kontatu nion nola beste sorgin guztiek ileordekoak, eskularruak eta zapatak kendu zituzten, nola burusoil pikortsuz jositako itsaso hura ikusi nuen, eta nola emakume haien eskuek atzaparrak zituzten eta haien oinek behatzik ez.